XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

12 Eta gonbidatu zuenari esan zion: Bazkari edo afariren bat ematean, ez gonbidatu zeure adiskideak, ezta senide, ahaide edo auzoko aberatsak ere; zeren beraiek ere gonbidatu egingo zintuzkete, eta, horrela, ordaina hartuko zenuke.

13 Aitzitik, otordu bat ematean, gonbidatu behartsu, elbarri, herren eta itsuak.

14 Zorionekoa zu orduan, ez baitute zuri ordaintzerik!

Zintzoak biztuko direnean jasoko duzu ordaina.

15 Hitz hauek entzutean, mahaikide batek esan zion Jesusi: Zorionekoa Jainkoaren erreinuko otorduan parte hartuko duena!

16 Jesusek erantzun zion: Gizon bat afari handi bat ematekoa zen eta jende asko gonbidatu zuen.

17 Afarikoan, morroia bidali zuen gonbidatuei esatera: Etorri, dena gertu dago eta.

18 Baina bata bestearen ondoren denak aitzakiak jartzen hasi ziren.

Lehenengoak esan zion: Soroa erosi dut, eta ikustera joan behar dut; barkatu, arren.

19 Beste batek, berriz: Bost idi-pare erosi ditut, eta probatzera joan behar dut; barkatu, arren.

20 Eta hurrengoak: Ezkondu berria naiz eta ez naiteke joan.

21 Guzti honen berri nagusiari ematera itzuli zen morroia.

Etxeko nagusia biziki haserretu zen eta morroiari esan zion: Hoa bizkor herriko plaza eta kaleetan barrena, eta ekarri hona behartsu, elbarri, itsu eta herrenak.

22 Geroago, morroiak esan zion: Egin dut, jauna, zuk agindua, eta oraindik badago tokia.

23 Orduan, nagusiak esan zion: Hoa bidez bide eta bazterrik bazter eta sarrarazi jendea barrura, etxea bete dakidan.

24 Egia esan, gonbidatu haietako batek ere ez du nire afaria dastatuko.